Besteen kontura, guztiok gustura

 

Badira hainbat urte gaztelaniako mintegikoek Vivir del cuento deritzotena antolatzen dutela. Ikasleek egindako prosa- eta poesia-lanek osatzen duten literatura-lehiaketa da. Idatziz zer egiteko gauza diren erakustea gutxi ez eta, dantzan, abesten eta zenbait instrumentu jotzen nolako gaitasuna duten plazaratzeko aukera paregabea eskaini ziguten.

Euren jantziek itxura ederra zuten. Nolanahi ere, guztiek oparitutako ikuskizun orori distira zerion. Egun ederra eskaini ziguten lehengo ostegunean, apirilak 18, etorkizuneko artista hutsek. Modelo aretoa bete eta geroni pozak zoratzen utzi gintuzten. Bejondeiela!

Honako hauek izan genituen saridunak:

  • Lehenengo saria olerkia gaztelaniaz: Itxaso Ayerbe “Mis páginas blancas”.
  • Lehenengo saria ipuina euskaraz: Intza Beaumont “Nigan preso”.
  • Lehenengo saria ipuina gaztelaniaz: Ander Gutierrez “Tierra de todos”.

 


Bizkarsoro

 

Egoera guztiek izan ohi dituzte gazi-gozoak, betiere ikuspuntuaren arabera, noski. XX. mendeak gurean ere txaponaren bi aldeak izan zituen. Nolanahi ere, minetik nahi baino gehiago, segur aski. Horixe bera erakutsi nahi izan digute Bizkarsoro pelikulan. Izan ere, lasai asko euskaraz bizi ziren herritar batzuek nolako bilakaera izan zuten du ikusgaitz. Hau da, zenbateraino eragin ohi dion diglosia-egoerak euskarari.

Mendeko egoera hori aintzat hartuta, ikastolak sortzeko egin zuten ahalegina izan genuen irakasbide. Guztia Ipar Euskal Herriko herrixka batean gertatuagatik, oro har, gure auzo, herri, hiri guztietan gertatutakoa du hizpide. Gurean, orain arte, behinik behin, euskarak arnasa sakon hartzeko aukera izan badu ere, ezinbestekoa da ikasleek jakitea zein den egoeraren gordina. Horretaz guztiaz eginarazi genien gogoeta atzo batxilerreko 1. eta 2. mailako ikasleei, arestian aipatutako filma ikusi baitzuten Modelo aretoan.


Udaberria, elkartrukeak berri

 

Urtarrilean gure ikasleak Pontarlierren izan genituen; eurak, aldiz, aste honetan izan ditugu bertan. Izan ere, lehengo larunbatean etorri eta bihar bueltatuko dira eurenera. Elkartruke honek 30. urteurrena bete du aurten. Ez da ez gero ahuntzaren gauerdiko eztula! Urteak joan eta urteak etorri eta, bere horretan dirau egitasmoak.

Bertako inguruez gozatu nahian, astelehenean Donostiara joan ziren: Urgull mendia ezagutu eta hurrena, Akuariumean barrena murgiltzeko parada ederki asko baliatu zuten. Hurrengo egunean, asteartean, Bizkaia izan zuten ikusgai: Gernikako Bakearen museoa, Mundaka nahiz Gaztelugatxe. Hori gutxi ez eta, herenegun, goizean, harrera izan zuten udaletxean. Geroago,  Getariako Balenciaga museora jo zuten. Atzo, aldiz, Photomuseuma ez ezik, Pasaiako badia ere izan zuten pausaleku. Gaur, ostera, azken eguna izaki, Bilbo hautatu dute eguna bertan emateko.

Arratsaldean bertako senideekin elkartu eta nork bere txangoak egin izan ditu.  Gustura baino gusturago jardun dugu haiekin, giro eder askoan. Hortaz, espero dezagun eraikitako elkartruke-zubi horrek luzaroan irautea sendo.


Korrikaren lekukoa, Lizardin gertukoa

 

1980an hasi zuen Korrikak ibilbidea. Hasieran urte eta erdian behin; gerora, aldiz, bi urtetik bi urtera. Lehengo ostegunean abiatu zen Irunen; bukatu, berriz, Baionan egingo da datorren igandean. Denok egin behar dugunez zer edo zer gutxi batzuek dena egin ez dezaten, guk ere atzo gure aletxoa utzi nahi izan genuen.

10:20tik aurrera,  Gurmendi eraikinetik atera eta hainbat mailatako ikasleek lekukoa hartuta, Orokietako herri eskolara joan ginen hangoekin bat egin genezan. Zenbait ikaslek bertsoa abestu, beste batzuek musika emanaldia eskaini eta bukatzeko, guztiok batera argazkia atera genuen.

Ilunabarrean, ostera, benetakoa, berez, behar zuena baino zertxobait beranduago ailegatuagatik, jendetza bildu zen. Joxean Artzek zioenez, hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik. Arnasguneak ere, zoritxarrez, hasi zaizkigu kutsatzen. Hortaz, segi dezagun hauspotzen Europako hizkuntzarik zaharrenetarikoa, zaharrak berri izan ez daitezen.


Negu epela, Londres goibela

Badira urteak aste zuria baliatuta, ikasle zein hainbat irakasle Londresera joaten direla garai horretan. Aurten ere hala izan da. Izan ere, otsailaren 12tik 18ra arteko astean hantxe izan ziren.

Lehenengo egunean, Big Ben eta London Eye ikusi zituzten; bigarrenean, aldiz, London Bridge, bertako gaztelua eta arratsaldean museo bat. Hirugarren egunean, itsasontzi betean Tamesis ibaia zeharkatu zuten. Azkenik, azkeneko egunean museo bat ikusi zuten goizean eta bazkaldu ondoren, aireportura abiatu ziren etxera bueltatzeko. Eskarmentu paregabea izan omen da haietako askorentzat.

 

                                    

 

                                    


Negu gorria, aste zuria

 

Azken urteotan urtaro gehienek oso bestelako erakusleihoa erakutsi ohi digute. Garaian garaikoa omen dugu egokiena. Izan bai. Nolanahi ere, egungo neguek gero eta gutxiago dute gorritik.

 

Sasoi horretan izaten ditugu inauteriak. Horietan aparteko giro eta kolorea oparitu ohi digute urterik urte Euskal Herriko zenbait herritan. Gurean, baina, besteak beste, neguak eskain ditzakeen aukerak baliatzen ditugu egun horietan guztietan. Izan ere, eskiatzera joan ohi gara gure nerabeekin. Aurten ere, ehundaka lagun izan dira Katalunian. Otsailaren 11n, igandea, atera eta Valle de Aránen, Espot aterpean eman zituzten bi egun. Beste bi egunetan, aldiz, Port Ainé inguruan izan ziren. Ostiralean eguerdi aldean heldu ziren gurera. Gustura baino gusturago jardun omen dute.

 

 


Pontarlier-Lizardi, 30. urterik urrrena

Urtarrilaren 12tik 21era Pontarlierren izan ziren DBHko zein batxilerreko zenbait ikasle. Aurtengoa arrunt berezia izan da. Izan ere, badira 30 urte lehendabiziko aldiz bertako ikasleak hara joan eta hangoak etorri zirela. Hortaz, hunkigarria izan omen zen. Nork bere familia izan zuen. Beraz, goizetan hainbat txango (hango gatz museoa, Peugeot lantegi-museoa) egin ondoren, eurekin inguruaz gozatzeko aukera paregabea izan zuten. Nonbait, oso esperientzia ederra izan da. Nolanahi ere, ez da bere horretan bukatu. Udaberrian, sortutako harrerman-sare hori areagotzeko parada aparta izango dute, hangoak gurean izango baititugu.


Ikasleen ezagutza, museo-kutxa

 

DBHko 1. mailako ikasleek denboran atzera eginarazi digute 1. ebaluazioan. Izan ere, hainbat irakasgaik bat eginda, Historiaurretik aintzinako Egiptorako bidaia egin dute. Hori gutxi ez eta, museo bat sortzea jarri zuten helburu. Pentsatu eta egin, ederki asko, gainera.

Abenduaren 18tik atzo arte Santa Klara komentuan eurek egindako lan guztiak ikusgai izan genituen, bai guk, bai haien senide, lagun eta abarrek. Irekiera egunean Xabier Txurruka, alkatea; Irune Urbieta, Euskara, Kultura, Gazteria eta Hezkuntza zinegotzia eta Begoña Pedrosa, Hezkuntza Saileko sailburuordea izan genituen. Hiru egun horietan irakasle bilakatu zaizkigu ikasleak, egunez egun bertaratukoei azaldu baitiete zer, nola eta zertarako egin duten. Ez dugu ez nolanahiko harrobia. Bejondeiela!


Lizardi, zinema plato

Gaur ostirala, Lizardi ikastetxea zinema plato bihurtu da. Izan ere, Moriarti eta Irusoin ekoiztetxeek beren azken filmaren errodajerako gure ikastetxeko irakasle gela hautatu dute, eta bertan grabatu dira kontzentrazio-esparru batetik bizirik atera zen iruzurgile faltsuaren istorioan oinarrituta dagoen ‘Marco’ filmaren eszena batzuk. Horrela, gaurkoan irakasleen lekua Aitor Arregik eta Jon Garañok gidatutako taldeak hartu du, eta horien artean, filmaren protagonista den Eduard Fernandez aktorea ere Lizardin egon da.

 

Goizeko 7:00ak, eta ikasle eta irakasleen tokia foko eta kableek hartu dute. Moriartitarren hurrengo filma izango den Marco Lizardiko irakasle gelan filmatuko da. Teknikariak hara eta hona ibili dira gure irakasle gela Kataluniako institutu baten antza izan dezan. Ordenagailuak, mahai gaineko lanparak… apurka-apurka irakasle gela eraldatu dute. Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariak etorri orduko, irakasle gelaren itxura erabat ezberdina zen.  

Urri erdialdean ekin zioten Marcoren grabazioei; eta azken egunetan, Zarauzko hainbat tokitan aritu dira lan honen azken ukituak filmatzeari. Gaur izango dute lan prozesu honen azken eguna eta Lizardiri tokatu zaio. Goiz osoan zehar teknikoak ez ezik, Eduard Fernadez buru duen aktore taldea ere institutuan egon da. 

 

Iruzurgile baten istorioa

 

2005. urtea. Enric Marco mirestutako pertsona da Kataluniako gizartean. Ez bakarrik CNT sindikatuko buruzagi izateagatik, baizik eta nazien deuseztatze-eremu batetik bizirik atera zen kontakizun zirraragarria ibiltzeagatik. Baina Marcoren izarra, inork espero ez duen arren, itzaltzeko zorian dago. Eta berak badaki.

 
 

Ekonomiako irteera

DBH4ko Ekonomiako Ikasleek Finantza mundua ezagutzeko aukera izan dute, errealitatean, finantza erakunde batera bertaratuz. Modu ludikoan, jolasa medio, bideoen bidez eta aurkezpen interesgarri batekin ikasi dute zein produktu eta zerbitzu dituzten finantza erakundeetan Ekonomiaren Eragileen premiak asebetetzeko. Azken finantza berrikuntzetara gerturatzeko aukera ere izan dute. Aurrezkiaren edota inbertsio aukerak azaldu zaizkie, guztia Familiek dituzten diru-sarreren eta gastuen ondorioz. Gazteen eta finantzen artekoek izan dute bere tartea gaurko bisitan.
 

Barnetegian gustora, euskaraz boga-boga

 

Oraingoz, behintzat, sasoian dugu gurean Europako hizkuntzarik zaharrenetarikoa duguna. Nolanahi ere, urteak joan, urteak etorri, egoera ez da nahi genukeen bezain ona. Belaunaldiz belaunaldi, hamarkadaz hamarkada, zoritxarrez, egoerak okerrera egin du. Horretaz guztiaz jabetzearren, aste honetan girotze-barnetegian izan ditugu DBHko 2. mailako gaztetxoak.

Jolasen bidez euskararen erabilerak zenbaterainoko garrantzia duen hausnartzera bultzatzen dituzte. Askok eta askok ingurune euskalduna izanagatik, funtsezkoa da konturaraztea beste zenbait herritan egundoko ahalegina egin behar izaten dutela euskaraz hitz egiteko aukera izateko. Ederki asko jardun dute. Beraz, ea bertan landutakoa sustrai ona izan den egunez egun gora eta gora egin dezan gurean zaindu beharreko euskararen zuhaitzak.


Mendi- eta kayak-irteera, gozamena eta plazera

 

Mendia nahiz itsasoa. Zorionez, biak ditugu gurean. Hori hala izanik, biak baliatzen ahalegintzen gara. Horren adibide garbia izan da bai lehengo astean, bai azken egunotan Batxilerreko 1. mailako ikasleek egin duten natura-ekintza. Hau da, mendi-irteera eta kayaketan arraunean jarduteko aukera izan dute.

Lehengo urtean ekin zioten lehen aldiz antolatzeari Gorputz Hezkuntzakoek. Izan zuen arrakasta zenbaterainokoa izan zen kontuan hartuta, aurten ere egitea erabaki eta, bere horretan jarraitu du. Pozak zoratzen izan ditugu ikasleak. Halakoek taldearen kohesioa landu, naturak duen garrantziaz jabetu eta ariketa egiteko balio izan ohi dute. Hirurek elkar elikatzen dute eta gure gazteek behar adina lagundu digute helburua betetzen.


Pagoeta eta natura, ikasleak gustura

 

Gero eta kalekumeagoak bihurtu bagara ere, natura behar-beharrezkoa dugu. Hark ere behar gaitu. Nolanahi ere, harekiko erabateko begirunea izanik, ez bestela. Horren guztiaren jakitun izan daitezen, lehengo astean Pagoetako parke naturaleko Iturraranera joan zitzaizkigun ZIG gelako zein 3. eta 4. mailako Dibertsifikazioko ikasleak.

Bi tailer egin zituzten. Alde batetik, egunez egun ezinbesteko elikagaia dugun ogia nola egiten den ikasi zuten batzuek; besteek, aldiz, erleek zenbaterainoko garrantzia duten, eztia nola egiten den, eta abar bertatik bertara jakiteko aukera paregabea izan zuten. Hain gustura jardun zuten, non udaberrian, agian, berriz joango diren.


Olatuen abaroan, ikasleak surf-ikastaroan

 

Horretarako aukera paregabea izaki, Zarautzek beti izan du oso harreman estua itsasoarekin. Hortaz, ohitura onei eutsi eta muzin egin gabe, ingurumena eta kirola, biak ala biak izan zituzten gozagarri aurreko bi asteetan DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek. Natura eta kultura: herrien ezinbesteko bi osagai. Horiek biak izan zituzten elikagai gure nerabeek jaso zuten surf-ikastaroan.

Goi-mailako hamaika lagun izan ditu gureak, zein baino zein hobeak, nor baino nor ospetsuagoak. Nolanahi ere, lehiatzea ez ezik, ondo pasatzea ere eder askoa denez, horixe bera izan zuten helburu nagusi hondartzara bertaratu ziren (gure) adingabeek. Izugarri gozatu zuten. Eurak gustura eta, haiek hala sumatuta, geu pozak zoratzen. Bejondeiela! Eguneroko saioetan irakasten diegunaz gain, bada zer erakutsi ikasgelatik kanpo. Beraz, jarrai dezagun gaztetxoak olatu-mamitan hezten eta hazten.


MARRAZKETA ARTISTIKOA

Batxilergo artistikoan lan politak egiten ari dira gure ikasleak. Hemen batzuk:

IRRISARRILAND DBH2


ASUN CASASOLAREN BISITA

Maite Mateos orientatzailearen bitartez etorri zaigu hitz egitera Asun Casasola, Nagore Laffage zenaren ama (ik. Wikipediako asteko pertsonaia). Gogorra bezain hunkigarria izan da bere hitzaldia.

AUSBURG ELKARTRUKEA

Ausburgoko Elkartrukea berreskuratu dugu aurten pandemiako urteak atzean utziz. Asko ikasi dugu, kultura desberdina ezagutu, ohitura desberdinak, paisaia berriak, eta garrantzitsuena lagun berriak egin ditugu, emozio handiz esan diote agur elkarri. Laster izango ditugu halere gure artean Ausburgoko Peutinger Gymnasiumeko ikasle eta irakasleak gure ohiturak, egitekoak, eta kulturaz zipriztintzen. 

VIVIR DEL CUENTO -KARTEL IRABAZLEA


ZARAUZKO AURREKONTUAK

Zarauzko aurrekontuen azalpena jaso dute Ekonomiako ikasleek Zarauzko Jesus Arana.Udaleko alkateordearen eskutik. Bigarren ebaluazioaren lanketari amaiera emateko ekintza ezin hobea.